Joan zen astean, ostegunean (urtarrilak 10) Eusko Jaurlaritzak iragarpen bat egin zuen eta hurrengo egunean, ostirala (urtarrilak 11), “Berton Bertokoa” ekimenetik bideo bat atera genuen, beste behin gure esakerak azalduz, eta batez ere sukalderik ez daukaten eskoletan haiek ezartzea eskatuz.
Bi gertakizun hauen inguruko informazioa ere, komunikabide, zein sare sozial desberdinen bidez plazaratu da, komunikatzaile bakoitzak bere estiloan helarazi duelarik informazioa; eta informazio honi gehitzen zaizkio baita gertakizun hauen inguruko balorazio desberdinak ere (EHIGE, BIGE, Justicia Alimentaria, eta beste zenbait taldetakoak).
“Berton Bertokoa” ekimenaren taldekideok, bapateko informazio uholde honek, eskoletan nahasmen nabaria sortu duela ikusi dugu, eta hargatik, eskoleta komunitateari azalpen argi bat zor dizuegula uste dugu. Hala izanik, bi gertakizun hauen inguruko gure ikuspegia helarazi nahi dizuegu:
- 2019ko urtarrilaren 10ean Eusko Jaurlaritzak eskola jantokien eredu aldaketari dagokionez Eusko Jaurlaritzak plazaratutako berriaren inguruan.
Badira jadanik urte batzuk, Euskadiko zenbait eskola jantoki ari direla sistema ofizialaz at, IGEen ekimenez beraien sukalde eta jantokiak kudeatzen; haiei, azken urteetan, proiektu pilotuetako eskolak batu zaizkie. Eusko Jaurlaritzatik inoiz ez dute erraztasunik jaso eskola hauek (ez lehendik ari direnek ezta proiektu pilotuetakoek ere), eta badirudi, aukera berri honen bidez, behintzat diru-laguntzak jasotzeko aukera izango dutela, eta “alegalak” izateari utziko diotela. Eta ondorioz, badirudi, eskola hauek daramaten kudeaketa arau barruan eredu gisa sartzeko legedia aldatzea erabaki duela Eusko Jaurlaritzak.
Alde horretatik, txalo bero bat merezi duela esango genuke, behintzat pausu bat eman duelako eskola hauen jarduna “legeztatuz” eta bide batez, beste kudeaketa eredu batzuek izateko esperantzari atea zabalduz. Eta zorionak orain artean sistemaz kanpo, kudeaketaren eta ardura hauen nekeak eta zailtasunak beren gain hartuaz, beraien ereduaren alde borrokan jardun duten eskola horiei.
Eskola hauek frogatu dute, beraien eredua eraginkorra dela. Frogatua gelditu da catering bidezko sistemaz at, eta gurasoentzat inongo ekonomia kostu gehikuntza gabe, posible dela gure haurrei elikadura osasungarri bat ematea. Eta Eusko Jaurlaritzako arduradunek, onartu behar izan dute beraien planteamenduetako ereduari alternatibak badaudekeela.
Baina Hezkuntza Sailaren pausu hau, aurrerakoa izan arren, ez doa gure eskariak betetzeko zentzuan; hau ez da gure taldeak eskatzen duen eredua. Hau, gure ustetan jantokien lege orokorrak zeukan zulo bati josi dioten adabakia da. Gure taldeak ereduaren berrikuspen integral bat eskatzen du, honako irizpideak kontuan izango dituena:
- Eskola jantokien kudeaketaren ardura eta kudeaketa ezin dira IGEen bizkar bota. Eskola eremuan eta haren zaintzapean aurrera eramaten diren jardueren inguruko erabakien ardura zuzenean Eskolako Organo Gorenarena da.
Bestalde, IGEen konposizioa aldakorra da, eta IGE desberdinek, edo berberak ikasturte desberdinetan (haietako kideen desberdintasunen ondorioz) izan ditzakeen irizpide eta haien ondoriozko erabakiek, jantokien kudeaketak eskatzen duen egonkortasuna zalantzan jar dezakete.
Gainera, gure ustez eskola bakoitzak aukera izan behar du eredu baten edo besteren alde egiteko, baita catering-etan oinarritutako aukera bat hartzeko ere, baina beste baldintza batzutan. Orain artean, lege-ebazpen bat daukagu gainera honen inguruan, argi dago catering enpresek aukeratu dutela zein eskolatan eta zein preziotan lan egin. Eta Eusko Jaurlaritzak eskuak garbitu ditu kontu honen inguruan ezer ez zekiela esanaz. Baina gure ustetan eskolek izan beharko lukete, catering enpresen sistema hautatuz gero, zein enpresarekin lan egin nahi duten aukeratzeko ahalmena. Gaur egungo sistemak ez du hau ahalbidetzen.
- Eskola jantokiak eta otordu momentuak haurren hezkuntzaren parte dira eta honek curriculumetan bere islada izan behar du. Ezin dira haurraren hezkuntza eta jatorduak gai bereizi gisa tratatu.
- Aurreko puntuarekin erlazionaturik, funtsezkoa iruditzen zaigu jantokiko jardueran parte har dezaketen langileek formakuntza egoki bat eta lan egonkortasun bat izatea.
Irakasleekin elkarlanean aritu beharko lukete; era batera edo bestera, eskolako ikas-komunitatearen kide izanik gure haurren hezkuntzaren parte baitira. Gaur egun, langile hauen borondatearen zalantzarik ez dugun arren, eskola eta langile hauen artean beste enpresa bat izateak (catering enpresa) langile hauek jarduera hezitzaile honetan eskolarekin batera aritzeko oztopo bat suposatzen du.
- Jantokietako langileekin loturik ere, zaintza zein sukaldaritza zerbitzuak ere administrazioaren kudeaketa zuzenpean egon behar dutela uste dugu, aspaldian ematen ari den pribatizaziorako joerari buelta eman behar zaiolarik. Era honetara, langile hauen lan baldintzak bermatzeaz gain aurreko puntuan aipatzen den formakuntza egokia jaso ahal izango lukete langileok.
- Jantokietako elikadurari dagokionez, kontuan izan behar da zalantzarik gabe eskolako jantokietan sukaldatutako janariak direla osasungarrienak (beraien propietateak mantentzen dituztelako) eta elikadura segurtasun aldetik berme gehien eskaintzen dutenak (bero edota hotz-mantenimendu aldetik adibidez eskaera txikienak dituztenak), zuzenean kontsumitzen direlako sukaldatzetik epe laburrean.
- Aurrekoarekin loturik, elikagaien beraien osasungarritasuna eta segurtasuna ere mintzagai dira. Orain arte catering enpresek ez dute inongo informaziorik eman erabiltzen dituzten lehengaien inguruan. Ez dakigu haien jatorririk. Halabaina, badakiguna da bertako elikagai ekoizleek zailtasun ugari izan ohi dituztela beraien produktuak merkaturatzeko, lehen sektorearen egoera ikusi besterik ez dago (Eusko Jaurlaritzak berak dauzka datuak). Eta gure planteamendua bertako ekoizleen aldekoa da.
Bertako ekoizleen aldeko apostuak onura nabarmenak ekarriko lituzke elikagaien osasungarritasunaren aldetik. Produktu freskoak, garaikoak eta zirkuitu laburrekoak izateak, kontserbazio luzekoen aldean, kontsumituko liratekeen elikagaien propietateen alde egingo luke nabarmen. Elikagaien segurtasunaren aldetik ere onurak ekarriko lituzke; alde batetik oraingo elikagaien jatorria ez dakigularik, ez daukagulako janari horiek izan ditzaketen produktu zoosanitario edota fitosanitarioen hondakinen edo bestelako osagai kaltegarrien berri (herrialde desberdinetan, bai ekoizpen-arauak, zein kontrolak desberdinak dira); eta bestalde, bertako ekoizleengan konfidantza daukagulako, uste dugulako beraien esfortzuak elikagai sanoak egitera bideratzen dituztela, eta gehiago haurren kontsumorako izango den elikagai bat bada.
Honenbestez, beste behin, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailari dei egiten diogu lege planteamendu serio bat eztabaida dezagun, adabakiak alde batera utziz, eta sistema honetan, erakunde bakoitzak dagokion erantzunkizuna har dezan.
Iragarpen hau proiektu pilotuetan dabiltzan eskolentzat lasaigarri izan daitekeen arren, gure ikuspuntutik, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailak eskuak garbitu nahi izan ditu kontu honetan; zerbait egin duela esanaz, benetan bere gabeziak estali besterik ez duenean egin.
- 2019ko urtarrilaren 11n Berton Bertokoa ekimenak atera genuen bideoaren
Bideo pirata honek beste pausu txiki bat suposatzen du, gure helburu den eskola-jantoki ereduaren bidean. Orain artean egin ditugun hainbat ekintza eta jaso ditugun atxikimendu ugarien berri ematen da, eta umore kontestu batean gure haserrea helarazten zaie egungo egoera mantentzearen azken arduradunei: “Iñigo Urkullu jauna eta Kristina Uriarte anderea”-ri.
Durangaldeko eskoletan sukaldeak jartzeko eskaera konkretua da bideoan argi azaltzen dena. Ezinbesteko baldintzatzat jotzen dugu eskola bakoitzeko jangelan bertan sukaldatutako janariak izateko. Eta bideoarekin batera bidali dugun oharrean orain arteko elkarrizketa eta ahalegin ugariek izan dituzten ondorio hutsalak sortzen digun erneguaren berri ematen da.
Besterik gabe, eskerrik asko lerro hauek irakurtzeari eman diozun arretagatik, eta egungo egoeraren eta “Berton Bertokoa” ekimenaren inguruko zalantzak argitzeko balio izango duela espero dugu.
Agur bero bat,
Gaizka Agirre eta Isabel Gonzalez
Berton Bertokoa taldeko Zabalarra Eskolako kideak
Milesker berriro eta zuek esandako guztiarekin guztiz ados.