Joan zen astean, ostegunean (urtarrilak 10) Eusko Jaurlaritzak iragarpen bat egin zuen eta hurrengo egunean, ostirala (urtarrilak 11), “Berton Bertokoa” ekimenetik bideo bat atera genuen, beste behin gure esakerak azalduz, eta batez ere sukalderik ez daukaten eskoletan haiek ezartzea eskatuz.

Bi gertakizun hauen inguruko informazioa ere, komunikabide, zein sare sozial desberdinen bidez plazaratu da, komunikatzaile bakoitzak bere estiloan helarazi duelarik informazioa; eta informazio honi gehitzen zaizkio baita gertakizun hauen inguruko balorazio desberdinak ere (EHIGE, BIGE, Justicia Alimentaria, eta beste zenbait taldetakoak).

“Berton Bertokoa” ekimenaren taldekideok, bapateko informazio uholde honek, eskoletan nahasmen nabaria sortu duela ikusi dugu, eta hargatik, eskoleta komunitateari azalpen argi bat zor dizuegula uste dugu. Hala izanik, bi gertakizun hauen inguruko gure ikuspegia helarazi nahi dizuegu:

  1. 2019ko urtarrilaren 10ean Eusko Jaurlaritzak eskola jantokien eredu aldaketari dagokionez Eusko Jaurlaritzak plazaratutako berriaren inguruan.

Badira jadanik urte batzuk, Euskadiko zenbait eskola jantoki ari direla sistema ofizialaz at, IGEen ekimenez beraien sukalde eta jantokiak kudeatzen; haiei, azken urteetan, proiektu pilotuetako eskolak batu zaizkie. Eusko Jaurlaritzatik inoiz ez dute erraztasunik jaso eskola hauek (ez lehendik ari direnek ezta proiektu pilotuetakoek ere), eta badirudi, aukera berri honen bidez, behintzat diru-laguntzak jasotzeko aukera izango dutela, eta “alegalak” izateari utziko diotela. Eta ondorioz, badirudi, eskola hauek daramaten kudeaketa arau barruan eredu gisa sartzeko legedia aldatzea erabaki duela Eusko Jaurlaritzak.

Alde horretatik, txalo bero bat merezi duela esango genuke, behintzat pausu bat eman duelako eskola hauen jarduna “legeztatuz” eta bide batez, beste kudeaketa eredu batzuek izateko esperantzari atea zabalduz. Eta zorionak orain artean sistemaz kanpo, kudeaketaren eta ardura hauen nekeak eta zailtasunak beren gain hartuaz, beraien ereduaren alde borrokan jardun duten eskola horiei.

Eskola hauek frogatu dute, beraien eredua eraginkorra dela. Frogatua gelditu da catering bidezko sistemaz at, eta gurasoentzat inongo ekonomia kostu gehikuntza gabe, posible dela gure haurrei elikadura osasungarri bat ematea. Eta Eusko Jaurlaritzako arduradunek, onartu behar izan dute beraien planteamenduetako ereduari alternatibak badaudekeela.

Baina Hezkuntza Sailaren pausu hau, aurrerakoa izan arren, ez doa gure eskariak betetzeko zentzuan; hau ez da gure taldeak eskatzen duen eredua. Hau, gure ustetan jantokien lege orokorrak zeukan zulo bati josi dioten adabakia da. Gure taldeak ereduaren berrikuspen integral bat eskatzen du, honako irizpideak kontuan izango dituena:

  1. Eskola jantokien kudeaketaren ardura eta kudeaketa ezin dira IGEen bizkar bota. Eskola eremuan eta haren zaintzapean aurrera eramaten diren jardueren inguruko erabakien ardura zuzenean Eskolako Organo Gorenarena da.

Bestalde, IGEen konposizioa aldakorra da, eta IGE desberdinek, edo berberak ikasturte desberdinetan (haietako kideen desberdintasunen ondorioz) izan ditzakeen irizpide eta haien ondoriozko erabakiek, jantokien kudeaketak eskatzen duen egonkortasuna zalantzan jar dezakete.

Gainera, gure ustez eskola bakoitzak aukera izan behar du eredu baten edo besteren alde egiteko, baita catering-etan oinarritutako aukera bat hartzeko ere, baina beste baldintza batzutan. Orain artean, lege-ebazpen bat daukagu gainera honen inguruan, argi dago catering enpresek aukeratu dutela zein eskolatan eta zein preziotan lan egin. Eta Eusko Jaurlaritzak eskuak garbitu ditu kontu honen inguruan ezer ez zekiela esanaz. Baina gure ustetan eskolek izan beharko lukete, catering enpresen sistema hautatuz gero, zein enpresarekin lan egin nahi duten aukeratzeko ahalmena. Gaur egungo sistemak ez du hau ahalbidetzen.

 

  1. Eskola jantokiak eta otordu momentuak haurren hezkuntzaren parte dira eta honek curriculumetan bere islada izan behar du. Ezin dira haurraren hezkuntza eta jatorduak gai bereizi gisa tratatu.

 

  1. Aurreko puntuarekin erlazionaturik, funtsezkoa iruditzen zaigu jantokiko jardueran parte har dezaketen langileek formakuntza egoki bat eta lan egonkortasun bat izatea.

Irakasleekin elkarlanean aritu beharko lukete; era batera edo bestera, eskolako ikas-komunitatearen kide izanik gure haurren hezkuntzaren parte baitira. Gaur egun, langile hauen borondatearen zalantzarik ez dugun arren, eskola eta langile hauen artean beste enpresa bat izateak (catering enpresa) langile hauek jarduera hezitzaile honetan eskolarekin batera aritzeko oztopo bat suposatzen du.

  1. Jantokietako langileekin loturik ere, zaintza zein sukaldaritza zerbitzuak ere administrazioaren kudeaketa zuzenpean egon behar dutela uste dugu, aspaldian ematen ari den pribatizaziorako joerari buelta eman behar zaiolarik. Era honetara, langile hauen lan baldintzak bermatzeaz gain aurreko puntuan aipatzen den formakuntza egokia jaso ahal izango lukete langileok.

 

  1. Jantokietako elikadurari dagokionez, kontuan izan behar da zalantzarik gabe eskolako jantokietan sukaldatutako janariak direla osasungarrienak (beraien propietateak mantentzen dituztelako) eta elikadura segurtasun aldetik berme gehien eskaintzen dutenak (bero edota hotz-mantenimendu aldetik adibidez eskaera txikienak dituztenak), zuzenean kontsumitzen direlako sukaldatzetik epe laburrean.

 

  1. Aurrekoarekin loturik, elikagaien beraien osasungarritasuna eta segurtasuna ere mintzagai dira. Orain arte catering enpresek ez dute inongo informaziorik eman erabiltzen dituzten lehengaien inguruan. Ez dakigu haien jatorririk. Halabaina, badakiguna da bertako elikagai ekoizleek zailtasun ugari izan ohi dituztela beraien produktuak merkaturatzeko, lehen sektorearen egoera ikusi besterik ez dago (Eusko Jaurlaritzak berak dauzka datuak). Eta gure planteamendua bertako ekoizleen aldekoa da.

Bertako ekoizleen aldeko apostuak onura nabarmenak ekarriko lituzke elikagaien osasungarritasunaren aldetik. Produktu freskoak, garaikoak eta zirkuitu laburrekoak izateak, kontserbazio luzekoen aldean, kontsumituko liratekeen elikagaien propietateen alde egingo luke nabarmen. Elikagaien segurtasunaren aldetik ere onurak ekarriko lituzke; alde batetik oraingo elikagaien jatorria ez dakigularik, ez daukagulako janari horiek izan ditzaketen produktu zoosanitario edota fitosanitarioen hondakinen edo bestelako osagai kaltegarrien berri (herrialde desberdinetan, bai ekoizpen-arauak, zein kontrolak desberdinak dira); eta bestalde, bertako ekoizleengan konfidantza daukagulako, uste dugulako beraien esfortzuak elikagai sanoak egitera bideratzen dituztela, eta gehiago haurren kontsumorako izango den elikagai bat bada.

Honenbestez, beste behin, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailari dei egiten diogu lege planteamendu serio bat eztabaida dezagun, adabakiak alde batera utziz, eta sistema honetan, erakunde bakoitzak dagokion erantzunkizuna har dezan.

Iragarpen hau proiektu pilotuetan dabiltzan eskolentzat lasaigarri izan daitekeen arren, gure ikuspuntutik, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailak eskuak garbitu nahi izan ditu kontu honetan; zerbait egin duela esanaz, benetan bere gabeziak estali besterik ez duenean egin.

 

  1. 2019ko urtarrilaren 11n Berton Bertokoa ekimenak atera genuen bideoaren

 

Bideo pirata honek beste pausu txiki bat suposatzen du, gure helburu den eskola-jantoki ereduaren bidean. Orain artean egin ditugun hainbat ekintza eta jaso ditugun atxikimendu ugarien berri ematen da, eta umore kontestu batean gure haserrea helarazten zaie egungo egoera mantentzearen azken arduradunei: “Iñigo Urkullu jauna eta Kristina Uriarte anderea”-ri.

Durangaldeko eskoletan sukaldeak jartzeko eskaera konkretua da bideoan argi azaltzen dena. Ezinbesteko baldintzatzat jotzen dugu eskola bakoitzeko jangelan bertan sukaldatutako janariak izateko. Eta bideoarekin batera bidali dugun oharrean orain arteko elkarrizketa eta ahalegin ugariek izan dituzten ondorio hutsalak sortzen digun erneguaren berri ematen da.

Besterik gabe, eskerrik asko lerro hauek irakurtzeari eman diozun arretagatik, eta egungo egoeraren eta “Berton Bertokoa” ekimenaren inguruko zalantzak argitzeko balio izango duela espero dugu.

 

Agur bero bat,

 

Gaizka Agirre eta Isabel Gonzalez

Berton Bertokoa taldeko Zabalarra Eskolako kideak

Partekatu

Durangaldeko hainbat eskola publikotako guraso talde batek osatzen dugu: Zabalarra, Landako, Iurreta, Atxondo, Abadiño, Matiena, Berriz, Zaldibar, Mallabia, Zornotza eta Elorrio. Gure seme-alaben etorkizuna zaindu eta hobetzeko helburuaz batu gara eskoletako jantokietan ezarri diguten ereduan aldaketa bat sustatu nahian. Nahiz eta eskola bakoitza desberdina izan gure beharrak eta helburuak oso antzerakoak dira, horregatik, aldarrikapen adostua, partehartzailea eta praktikoa dira gure nortasunaren seinale.

ZEINTZUK DIRA EKIMENAREN HELBURUAK

  • Umeek osasuntsu jan dezatela

Bertoko elikagaiak, sasoikoak eta kalitatezkoak jan ditzatela nahi dugu.

  • Eskolan bertan sukaldatu dadila

Tokian sukaldatzen diren elikagaiek bere propietateak mantentzen dituztelako.

  • Jantoki zerbitzua duintzea

Zerbitzu bat izatetik gune hezitzaile bat izatera pasa dadila, era berean langileen lan baldintzak hobetuz.1234578

  • Gure eskualdeko jasangarritasuna

Gure jantokietan era naturalean hazitako elikagaiak nahi ditugu, lehen sektorea eta tokiko ekonomiaren alde apostua eginez.

ZEINTZUK DIRA 2018-2019 IKASTURTERAKO ESKAERAK ZABALARRAN

    • Eskatutako sukaldea egitea.
    • Gure eskolan bertoko produktu eta ekoizleak ezagutaraztea.
    • Jantoki batzordeari behar zaion garrantzia ematea.
    • Katering enpresak ematen duen zerbitzuan hobekuntzak negoziatzea.IRUDI4.jpg

 

Zabalarrako taldea hilean behin batzartzen gara eta eskolarteko taldea ere. Gogoa duen jendea behar dugu, hurreratu zaitez! (Isa 657771670)

Partekatu

Maiatzaren 29an, asteartea, arratsaldeko 4retatik aurrera, eskolako patioan, bertoko produktuekin egindako askaria eros dezakezu seme-alabentzat.
Ekimen hau Berton Bertokoak bultzatuta dago, IGEren laguntzarekin eta inguruko produktoreek ekarriko dizkiguten bertoko ekoizpeneko lehengaiei garrantzia emotea da helburua.
Honela, euro bakar baten truke, hurrengo produktuak dasta ditzakezu: ogi artisau puzketa (Patxikobaso, Iurreta), urdaiazpikoarekin (Basatxerri, Elorrio) edo gaztarekin, gehi jogurta (Errotik, Amorebieta).
Honetaz gain, nahi duten neska-mutilek sasoi honetako fruta brotxeta egin dezakete askaria borobiltzeko.

Argazkien eta bideokliparen ikustaldia

Jantokietako batetan, eskolan bertan grabatu zen Sukalde bat jantokian bideoklipa ikusgai egongo da eta jantoki ordutegiko hainbat argazki ere. Halanola, aurrera eramango diren ekintza ezberdinak auto-finantzatzeko, proiektuaren kamiseta piratak salgai egongo dira.

merienda kartela zabalarra (1).jpg

Partekatu

Maiatzean zehar gurasook Zabalarrako jantokian gure seme alaben menua dastatzeko aukera izango dugu.

Ekimen hau Berton Bertoko dinamikatik datorkigu, jantokiko langileen eta IGE-ren parte hartzearekin, gurasoak jakin dezagun zuzenki nolakoak diren gure txikien jatorduak.

Honetan parte hartzen duzuenok, jantokian bertan bazkalduko duzue, eta menuaren kostua IGE-k bere gain hartuko du.

Parte hartzeko zera eskatzen da:

  1. Astebete lehenago parte hartze eskaria egitea eta eskolara ekartzea.
  1. Asteko edozein egunetan joateko aukera dago, baina         ordutegi bakarrean, eguerdiko 13:30etan.
  2. Bazkalostean, inkesta labur bat burutzea.

* Eskari bakoitza, telefonoz baieztatuko dizuegu.

MENU-BALEA
1.Bazkaltiarra Izen-abizenak
2 Bazkaltiarra Izen-abizenak
Telefonoa
Bazkaltzeko eguna
Partekatu

Berton Bertokoa ekimenetik lanean jarraitzen dugu!

Durangaldeko alderdi politiko guztien atxikimendua jaso ondoren, orain katering enpresen txanda da. Aste Santutik aurrera, astean behin, bertoko eta sasoiko elikagaiak sartzeko eskariarekin.

Bestalde, epe laburrrean sukaldea jartzearen eskaria gauzatuko dugu, bai Eusko Jaurlaritzan baita Udaletxean ere.

Hurrengo pausua bidaltzen dizuegun abestia, gogo eta ilusio guztiarekin sortua, partekatzea, abestea eta entzutea da. Eskoletan bertoko eta sasoiko produktuak gure sukaldean prestatuak izan daitezen aldarrikatzeko.

Martxoak 22, osteguna, arratsaldeko 15:15ean abesti honen bideokliparen bukaera Zabalarran grabatuko da. Txapito Guzman musika taldekideak gure umeen zain egongo dira patioan elkarrekin dantzatzeko eta abesteko. Zuen etxean abestia entsaiatzea zuekin batera eskertuko genizueke.

Egun horretan honako hau eskatzen dizuegu:

1. Umeak kolore bizidun arropak janztea

2. Egurrezko koilarak, amantalak, sukaldeko txanoak eta abar ekartzea, eskolan prestatuko ditugun lapikoak, sartaginak eta sukaldeko tresna erraldoiekin batera rodajea ikusgarriagoa izateko.

Oso dibertigarria izango da!

Animatu eta parte hartu grabazioan, gure

seme-alabek kalitatezko janariak eta berton

sukaldatuak jatea merezi dute eta!

Hau da abestia eta hau letra:

Sukalde bat jantokian
Lehen tomate gorri-gorriak
eta indaba beltzaranak
ortutik hara jaten zituzten
aititak eta amamak.
Orain eskolan jaten ditugu
garbantzu eta ilar latak,
zaporerik ez duten letxugak
eta poltsako patatak.
Sukalde bat jantokian! Sukalde bat jantokian!
Lapiko-hotsa nahi dugu gure eskolako jantokian!
Marixabelen arrautzak eta
Lorentzoren haragia,
kanpokoa barik nahi dugu hemengo
ekoizleen janaria!
Sagarra azal berde eta guzti,
laranja azala kenduta,
hozkailukoa barik nahi dugu
sasoian sasoiko fruta!
Sukalde bat jantokian! Sukalde bat jantokian!
Lapiko-hotsa nahi dugu gure eskolako jantokian!

Partekatu

reunion zabalarra.jpeg

Zabalarra ha acogido por segunda vez este curso las reuniones de las escuelas que conforman la iniciativa Berton Bertokoa.

La reunión mensual que realizan para coordinar el proyecto se llevó a cabo por la tarde en la biblioteca. Entre los asuntos que se trataron estuvieron el seguimiento de las acciones para este curso y un repaso por la ronda de contactos que se están realizando con partidos políticos e instituciones para sumar apoyos..
Hay que recordar que los objetivos que promueve esta iniciativa, llevada a cabo por madres y padres de 9 escuelas públicas y un instituto (Zaldibar, Berriz, Iurreta, IES-Iurreta, Elorrio, Atxondo, Matiena, Abadiño, Landako-Durango y Zabalarra-Durango) son la de promover un cambio en la gestión de los comedores escolares de sus centros, incorporando productos locales y de temporada en sus menús.
Cualquier persona de la escuela que esté preocupada por este asunto puede acudir a las reuniones o ponerse en contacto con Ainara (655706932) o con Isa (657771670)
Partekatu